XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

2. atala. Torturez

Nire sentiberatasuna hunkitu duen zoritxar honek batetik eta lege hain anker honek, bestetik, nazioetako legeria kriminalei begirada batzera eraman naute.

Delituez eta Zigorrez-en egile bihozberak arrazoi osoa du kexuz esaten duenean zigorra krimena baino gogorragoa izaten dela askotan, eta Estatuarentzat kaltegarria ez gutxitan, jakin dakigunean honen helburu bakarra bere buruaren mesedea izan behar dela.

Heriotza beldurgarri bihurtzeko giza adimenak asmatu dituen oinaze finek gehiago dirudite tiraniaren obra, justiziarena baino.

Gurpilaren oinazea anarkia garaian sartu zen Alemanian, pribilegioen jabe egiten zirenek beldurra sartu nahi izan ziotenean beren aurka jartzen zen edonori, oinaze ikaragarri baten mehatxuaz.

Ingalaterran, lesa maiestateko traizioa gertatzen zenean, egotzitakoari sabela ireki, bihotza atera eta berarekin ezpainak igurzten zitzaizkion; gero sutara botatzen zen.

Baina zein zen askotan lesa maiestateko krimen hori?

Bere soberanoari leial izatea guda zibilen garaian, eta, inoiz, garbiegi mintzatzea irabazlearen eskubideak zalantzan jarriz.

Dena den, ohiturak bigundu egin dira.

Kriminalari bihotza kentzen zaio oraindik ere, baina, hori bai, hil ondoren.

Antzezpena izugarria da, baina heriotza gozoa, heriotza gozorik bada.

3. atala. Heretikoen aurkako zigorrez.

Heriotza-zigorra tiraniak aldarrikatu zuen lehendabizi, dogma kontu batzuetan eliza nagusiarekin bat ez zetozenen aurka erabiltzeko.

Maximo tiranoaren aurretik, enperadore kristauei ez zitzaien burutik pasatu ere egin inor oinazera kondenatzea egin ikuspegi desberdin batzuengatik.

Egia da bi gotzain espainiarrek xaxatu zutela Maximo